Ordenantzak

Zaraitzuko Ibaxaren Batzordearen ordenantzak (2016)
156. ALDIZKARIA – 2016ko abuztuaren 12a

Nafarroako foru tradizioak oinarritzen dira, batetik, bere araubide juridiko bereziaren defentsa arduratsuan, eta, bestetik, lurraldean indarra duten tokiko ordenamenduen integrazio harmoniatsuan, batik bat Pirinioetako ibarretan, kontuan izanik ezen, Foru Berriak 3. Legean dioen moduan, tokiko usadioa nagusi zaiola orokorrari, bai eta, jakina, idatzizko zuzenbideari ere.

Zaraitzuko Ibarraren nortasun historikoa hainbat mendetakoa da, eta, mendeen joanak eta Nafarroako Erresumaren bizialdiak berak ezartzen dituzten gorabehera naturalak jasoz, orain arte iraun du, egun eratua baitago ibarreko zenbait hiriren udalerri berriez bestelakoa den entitate batean. Nortasun hori Zaraitzuko Ibaxaren Batzordean gorpuzten da juridikoki, zeinek lehendakaria baitu burutzan.

Mende askotako nortasun horrek balio izan du kontzeju jabari den ondareari eusteko. Ondare hori ibarreko familien aberastasuna da eta indibidualismo ekonomikoaren balizko erasoetatik kanpo eduki behar da; izan ere, beste lurralde batzuetan, hondamendira eraman du herrien egiazki soziala den jabetza komun hori.

Hori dela eta, batzorde hau erne dabil Zaraitzuko kultura gal ez dadin eta ibarreko beste ondasun bat izan dadin. Horretarako, zainduko du hura ahoz eta idatziz zabaltzen dela, euskara eta hura ezagutu eta berreskuratzen lagungarri diren jarduerak sustatzen direla, eta ahaleginak eginen ditu gazteriak gure historia eta kultura ongi ezagutzeko, etorkizunerako ondare gisa.

Betiere Zaraitzuko Ibarraren nortasun historiko-juridiko hori eta araubide berezia onartuta, komeni da egun ordenantzak eguneratzea.

Helburu hori izanik, ordenantzak bildu dira, lau kapitulutan banaturik. Horietako lehena ibarreko egitura juridikoari buruzkoa da, Batzordearen nortasunari eta eginkizunei buruzkoa eta ordenantzen aplikazioari buruzkoa. Bigarrena, lehendakaritzaren eginkizunei buruzkoa eta Batzordearen kudeaketarako jarduerak egiteko Batzordeak kontratatzen dituen langileei buruzkoa. Hirugarrena, larreen eta ehizaren aprobetxamenduei eta produktu naturalen, turistikoen eta basokoen bilketari buruzkoa. Eta, azkena, salaketen eta errekurtsoen prozedurari buruzkoa.

Arauak argitzeko lan horrekin, Zaraitzuko Ibarrak erakutsi nahi du bere usadioei heltzen diela aldaketarik gabe eta borondate irmoa duela Nafarroako zuzenbidearen funtsezko foralitateari eraginkortasunez laguntzeko. (Gehiago irakurri)

 

Onddoen, perretxikoen eta beste produktu naturalen aprobetxamendua arautzen duen ordenantza
16. ALDIZKARIA – 2019ko urtarrilaren 24a

Zaraitzuko Ibaxaren Batzordeak, Nafarroako oihan ondarea babestu eta garatzeari buruzko Foru Legeak (abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legea) eta Mendien Erregelamenduak (otsailaren 17ko 59/1992 Foru Dekretua) emandako eskubidea erabiliz, Irati, La Cuestión (Zabaleta) eta Erremendia mendietan onddoen, perretxikoen eta gainerako produktu naturalen aprobetxamendua arautzen du.

Produktu hauen bilketak batzuetan mendietara sobera jende etorrarazten du eta horrek natur ingurumenaren degradazioa ekartzen ahal du. Batzordearen irudiko, espezie hauen mantentzea bermatu, natur inguruneko kaltea ekidin eta mendia behar bezalako garbiketa baldintzetan mantendu behar da eta, hortaz, ordenantza hau prestatu da, herri-lurretan aplikatzeko. Hori horrela, aprobetxamendu ordenatua Zaraitzuko herritarrei dagokie lehentasunez eta, aldi berean, beste pertsona batzuek aprobetxamendurako aukera izateko sistema bat ezarri da, betiere edonork legezko xedapenez egin ditzakeen gutxieneko aprobetxamenduak errespetatuz. (Gehiago irakurri)

 

Ordenantza, iratiko eta zabaletako (Zaraitzu) mendietako pista eta bideen erabilera arautzen duena
21. ALDIZKARIA – 2019ko urtarrilaren 31

Iratiko mendiko pisten sarea Zaraitzuko herritar guztien ondarea da. Berebiziko garrantzia du mendiko aberastasuna zaintzeko eta hartara sarbide izateko. Ongi zaindurik egoteak bizilagun guztiei egiten die on.

Iratiko mendiko pistak gero eta gehiago erabiltzen baitira, beharrezkoa da haien erabilera arautzea. Xedea hirukoitza da: Iratiko natura-ondarea zaintzea, erabiltzaile guztiek eta bereziki herritarrek modu orekatuan erabiltzea eta erabiltzeko egoera onean mantentzea. (Gehiago irakurri)

 

Ordenantza, Zaraitzuko Ibarraren Batzordearen esparruan euskararen erabilera arautzen duena
236. ALDIZKARIA – 2014ko abenduaren 2a

Euskara Zaraitzuko hizkuntza da eta bere bizilagunen ohiko hizkuntza izan da historian zehar. Horregatik, Zaraitzuko Ibarraren Batzordeak euskara herritar guztien kultur ondare komuntzat jotzen du eta, gaztelaniarekin batera, udalerriaren berezko hizkuntzatzat.

Hainbat hamarkadatan alde batera utzia, gizartearen haren aldeko nahiari eta bertze estatus bati esker, belaunaldi berrietako jende gehiena euskalduna da. Horrek guztiak, gizarteak euskararen alde duen borondatearen adierazgarri, esan nahi du Zaraitzun, urteak iragan ahala, gero eta herritar elebidun gehiago egonen direla, hau da, gero eta euskaldun gehiago. Gizartearen sektore horrek, ziur aski, legez dituen hizkuntza eskubideak erabiliz, gero eta zerbitzu gehiago euskaraz emateko eskatuko dio Batzorde honi, eta Zaraitzuko Ibarraren Batzordeak, erabiltzailearendako zerbitzu publikorako bokazioa duenez, era egokian eman beharko ditu.

Hortaz, Zaraitzuko Ibarraren Batzordeak uste du euskarak laguntza berezia behar duela normalizatu dadin. Beraz, Zaraitzuko bizilagunek zerbitzuak eta arreta euskaraz izan ditzaten bermatzea da ordenantza honen helburu orokorra.

Udalaren eta bizilagunen gogo garbi horretaz gain, aipatu behar da Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeak, euskara Nafarroako berezko hizkuntzatzat jotzeaz gain, helburutzat duela bizilagunen eskubidea babestea euskara jakin eta erabiltzeko, eta euskararen berreskurapena eta garapena begiratzea. Lege horrek berak administrazio publikoetan euskaraz aritzeko eskubidea bermatzen die bizilagunei, eta aukera ematen du zenbait lanpostutarako euskaraz jakin beharra nahitaezkoa izateko, eta lanpostu batzuetan baloratua, euskaldunekin komunikatu beharra gertatzen ahal denean, euskaraz mintzatzeko eskubidea bermatze aldera.

Ez da ahantzi behar, bertzalde, Erregioetako edo Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Gutuna, Europako Kontseiluaren Ministro Batzordeak 1992ko ekainaren 25ean hitzarmen gisa hartutakoa, hamaika estatu kidek (Espainia barne) urte bereko azaroaren 5ean sinatua. 10. artikuluan, administrazio agintariei eta zerbitzu publikoei buruzko gomendioak aipatzen dira, bertzeak bertze:

“…jendaurrean dauden agenteek erregioetako edo gutxiengoen hizkuntzak erabil ditzaten zaintzea, hizkuntza horietan mintzatzen zaizkienekin’’.

“…erregio hizkuntzetako hiztunek (…) eskaerak ahoz edo idatzita aurkeztu eta erantzuna hizkuntza horietan har dezaten zaintzea (…)’’. (Gehiago irakurri)