Zaraitzuko Ibaxaren Batzorde Orokorra

Zaraitzuko Ibaxaren Batzorde Orokorra zaraitzuarren ordezkari gorena da

Nafarroako foru tradizioak oinarritzen dira, batetik, bere araubide juridiko bereziaren defentsa arduratsuan, eta, bestetik, lurraldean indarra duten tokiko ordenamenduen integrazio harmoniatsuan, batik bat Pirinioetako ibarretan, kontuan izanik ezen, Foru Berriak 3. Legean dioen moduan, tokiko usadioa nagusi zaiola orokorrari, bai eta, jakina, idatzizko zuzenbideari ere.

Zaraitzuko Ibarraren nortasun historikoa hainbat mendetakoa da, eta, mendeen joanak eta Nafarroako Erresumaren bizialdiak berak ezartzen dituzten gorabehera naturalak jasoz, orain arte iraun du, egun eratua baitago ibarreko zenbait hiriren udalerri berriez bestelakoa den entitate batean. Nortasun hori Zaraitzuko Ibaxaren Batzordean gorpuzten da juridikoki, zeinek lehendakaria baitu burutzan.

Mende askotako nortasun horrek balio izan du kontzeju jabari den ondareari eusteko. Ondare hori ibarreko familien aberastasuna da eta indibidualismo ekonomikoaren balizko erasoetatik kanpo eduki behar da; izan ere, beste lurralde batzuetan, hondamendira eraman du herrien egiazki soziala den jabetza komun hori.

Hori dela eta, batzorde hau erne dabil Zaraitzuko kultura gal ez dadin eta ibarreko beste ondasun bat izan dadin. Horretarako, zainduko du hura ahoz eta idatziz zabaltzen dela, euskara eta hura ezagutu eta berreskuratzen lagungarri diren jarduerak sustatzen direla, eta ahaleginak eginen ditu gazteriak gure historia eta kultura ongi ezagutzeko, etorkizunerako ondare gisa.

Betiere Zaraitzuko Ibarraren nortasun historiko-juridiko hori eta araubide berezia onartuta, Ordenantzak 2016. urtean eguneratu ziren.

Helburu hori izanik, ordenantzak bildu dira, lau kapitulutan banaturik. Horietako lehena ibarreko egitura juridikoari buruzkoa da, Batzordearen nortasunari eta eginkizunei buruzkoa eta ordenantzen aplikazioari buruzkoa. Bigarrena, lehendakaritzaren eginkizunei buruzkoa eta Batzordearen kudeaketarako jarduerak egiteko Batzordeak kontratatzen dituen langileei buruzkoa. Hirugarrena, larreen eta ehizaren aprobetxamenduei eta produktu naturalen, turistikoen eta basokoen bilketari buruzkoa. Eta, azkena, salaketen eta errekurtsoen prozedurari buruzkoa.

Arauak argitzeko lan horrekin, Zaraitzuko Ibarrak erakutsi nahi du bere usadioei heltzen diela aldaketarik gabe eta borondate irmoa duela Nafarroako zuzenbidearen funtsezko foralitateari eraginkortasunez laguntzeko.

Etorri Zaraitzura